Euskal Inauteriak
Otsailak aurrera darrai, eta honekin batera neguak ere bai. Dagoeneko joan dira San Blas Eguna eta Agate Deuna Bezpera, eta Inauteriek hartuko dute orain lekukoa. Izan ere, urteko motzena izan arren, ospakizunez betetako hilabetea baitugu otsaila.
Historian zehar, Inauteriak ez du esanahi edo zentzu bera eduki. Garai batean, denboran oso urrun, urtearen hasiera ospatzen zuen gizakiak festa honetan. Garai hartako gizonak ilargia hartzen zuen oinarritzat bere egutegia eratzeko. Egutegi horren arabera, udaberrian izaten zen urtearen hasiera eta ez, orain bezala, urtarrilean. Beraz, gaur egun udaberria den garaian ospatzen zen, eta urte zaharra amaitu eta berria hastea zen festaren funtsa.
Erdi Aroan, Elizak Pazkoa delakoari eman nahi izan zion garrantzia, Kristoren Pizkundeari, alegia. Horregatik da Pazko Eguna udaberrian, antzinako egutegian garai hartantxe baitzegoen urtearen muga. Elizak bere arauetara moldatu zuen festa, eta Inauteriaren jatorrizko esanahia galdu egin zen. Garizuma (Cuaresma) aurrera pasatu zuen, eta Hausterre Egunean (el Miércoles de ceniza) finkatu zuen honen amaiera. Lege gogorrak jarri zituen eta, nolabait, Inauteriaren kontra egin zuen.
Gaur egun, berriz, liberazio moduko bat dugu festa hau. Izan ere, gizarteak mugaturik bizi baikara, eta ez gara eguneroko bizitzan benetan garen modukoak agertzen. Eta, maskara edota mozorroa jartzerakoan, urtean zehar jantzi ditugun karatula guztiak eranzten ditugu.
Euskal Herriari dagokionean, Ihauteri, Inauteri, Aratuzte, Zanpartzart... era desberdinetan izan da deitua tradizio luzea duen festa zaratatsu eta bizi hau. Jatorriz, Lurra esnatzeko deia zela uste da, eta ereite jai batekin lotzen da. Horren adibide dira, besteak beste, Sakanako Inauteriak. Olaztin, adibidez, simaurra botatzen dute gurdi batetik; Altsasuko momotxorroek, berriz, goldea erabiltzen dute lurra esnatzeko. Eta, nola ez, Malerrekako Ituren eta Zubieta herrietako joaldunek sortzen dituzten zarata erritmikoen garrantzia ere aipatu beharra dago.
Festa alai hau, tradizio handia izanik, oso ezaguna da Euskal Herri guztian zehar, Nafarroan bereziki, eta asko dira urtero-urtero kalera ateratzen diren pertsonaia fantastikoak: atorrak, erraldoitxoak, Ziripot, Miel Otxin… Eta horien omenez aterako gara gu, hain zuzen ere, aurtengo Inauteriak ospatzera. Batzuk, kotilungorriz jantzita, atorraz, beste batzuk; halaber, mamoxarroak ere egongo dira eta Miel Otxinez mozorrotuko direnak ere bai.
EUSKARA DEPARTAMENTUA
0 comentarios:
Publicar un comentario