miércoles, 15 de febrero de 2012


Euskal Inauteriak
Otsailak aurrera darrai, eta honekin batera neguak ere bai. Dagoeneko joan dira San Blas Eguna eta Agate Deuna Bezpera, eta Inauteriek hartuko dute orain lekukoa. Izan ere, urteko motzena izan arren, ospakizunez betetako hilabetea baitugu otsaila.
Historian zehar, Inauteriak ez du esanahi edo zentzu bera eduki. Garai batean, denboran oso urrun, urtearen hasiera ospatzen zuen gizakiak festa honetan. Garai hartako gizonak ilargia hartzen zuen oinarritzat bere egutegia eratzeko. Egutegi horren arabera, udaberrian izaten zen urtearen hasiera eta ez, orain bezala, urtarrilean. Beraz, gaur egun udaberria den garaian ospatzen zen, eta urte zaharra amaitu eta berria hastea zen festaren funtsa.
Erdi Aroan, Elizak Pazkoa delakoari eman nahi izan zion garrantzia, Kristoren Pizkundeari, alegia. Horregatik da Pazko Eguna udaberrian, antzinako egutegian garai hartantxe baitzegoen urtearen muga. Elizak bere arauetara moldatu zuen festa, eta Inauteriaren jatorrizko esanahia galdu egin zen. Garizuma (Cuaresma) aurrera pasatu zuen, eta Hausterre Egunean (el Miércoles de ceniza) finkatu zuen honen amaiera. Lege gogorrak jarri zituen eta, nolabait, Inauteriaren kontra egin zuen.
Gaur egun, berriz, liberazio moduko bat dugu festa hau. Izan ere, gizarteak mugaturik bizi baikara, eta ez gara eguneroko bizitzan benetan garen modukoak agertzen. Eta, maskara edota mozorroa jartzerakoan, urtean zehar jantzi ditugun karatula guztiak eranzten ditugu.
Euskal Herriari dagokionean, Ihauteri, Inauteri, Aratuzte, Zanpartzart... era desberdinetan izan da deitua tradizio luzea duen festa zaratatsu eta bizi hau. Jatorriz, Lurra esnatzeko deia zela  uste da,  eta  ereite jai   batekin  lotzen da. Horren  adibide  dira,  besteak beste,  Sakanako Inauteriak.  Olaztin,  adibidez,  simaurra  botatzen dute gurdi batetik;  Altsasuko momotxorroek, berriz, goldea erabiltzen dute lurra esnatzeko. Eta, nola ez,  Malerrekako Ituren eta Zubieta herrietako joaldunek sortzen dituzten zarata erritmikoen  garrantzia ere aipatu beharra dago.
Festa alai hau, tradizio handia izanik, oso ezaguna da Euskal Herri guztian zehar, Nafarroan bereziki,  eta  asko  dira  urtero-urtero  kalera  ateratzen diren  pertsonaia fantastikoak: atorrak,  erraldoitxoak,  Ziripot,  Miel Otxin…  Eta horien omenez aterako gara gu, hain zuzen ere, aurtengo Inauteriak ospatzera. Batzuk, kotilungorriz jantzita, atorraz, beste batzuk;  halaber, mamoxarroak ere  egongo dira eta Miel Otxinez mozorrotuko direnak ere bai.


EUSKARA DEPARTAMENTUA
 

RUPERTO MEDINA EUSKARAZ! Copyright © 2009 Flower Garden is Designed by Ipietoon for Tadpole's Notez Flower Image by Dapino